Aurtengo udaberrian ikusi genuen gehienok Talaimendi tontorrean ezerezetik sortutako etxe erraldoia, garabi eta guzti. Hiru alturako bloke handi bat, jata inguruan den puntu ikusgarrienaren erdian jarrita.
Ingurua Aiako udal barrutian dago, Oriotik eta Zarauztik gertuago egonagatik ere. Norbaitek kontua salatu nahian El Diario Vascora bidali zuen argazkia eta komentario batzuk ere egin zituen. 'Fotodenuncias' ataldean ipini zuen, herritarrek legez kanpoko kontuak sala zitzaten (ustez) DVk propio sortutako atalean, hain zuzen. Bisitariek ere egin zituzten beren ekarpenak... harik eta 16 esku-hartzeren eta 24 orduren bueltan, El Diario Vascok informazioa zentsuratu zuen arte.
Agi denez, arriskutsua irudituko zitzaien. Beren interesen kontrakoa nonbait. Zer zela eta? Ikus dezagun ba!
El Diario Vascoko informazioa zentsuratu aurretik, jendeak hau esan zuen, besteak beste:
- Proiektua Aiako Arau Subsidiarioen kontrakoa zela
- Sustatzaileek herribide bat itxi eta bidegabe bereganatu zutela
- Bidea bereganatu ez ezik, zabaldu ere egin zutela eta arketa batzuk ere jarriak zituztela.
- Zarauzko udalaren seinale bat bidegabe eta ordaindu gabe erabiltzen ari zirela
- Babesa Suzairen seinale bat bidegabe erabiltzen ari zirela
- Tokia bideoz zaintzen ari direla zioen seinale bat bidegabe erabiltzen ari zirela
- Lursaila itxitura batez itxi zutela
- Zarauzko zinegotzi jeltzale bat zela obraren sustatzailea
- Arkitektoa EH-Bilduren zinegotzi baten arreba zela.
a) baietz, bidea itxi eta bereganatu egin dutela.
b) baietz, Zarauzko udalaren plaka bat zegoela jarrita, hura Aia izanik (!). Aian erabiltzea gora-behera, Zarauzko Udalean adierazi digute sustatzaileek ez dutela plaka horrek babesten duen pasabidea ez eskatu, ez ordaindu. Lapurtua da beraz, eta bidegabe ari dira erabiltzen. Edozeinek aparka dezake beraz han.
c) Baietz, Babesa Suzairen plaka bat ere bazela han. Erregistro zenbakiak erantzunen bat argi lezake noski, horrelakoak araututa baitaude. Herritarren eskubideen kontrako ekintza da hori. Jakin dugunez, plaka hori ere jabearen (Babesa Suzairen) baimenik gabe jarria zen.
d) Baietz, bidea zabaldu egin dutela, eta zabaldu ez ezik, betelana ere egin dutela materiala mendian barreiatuta.
e) baietz, arketak egin dituztela
f) Baietz, lursaila metalezko ixitura batez inguratu dutela.
Sustatzailea Zarauzko zinegotzi jeltzale bat zela, tira, ez genuen han egiaztatu noski. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, ordea, hau argitaratu zuen 2012-10-01ean:
...eta bai, Garrastazuren oinordeko horietako bat behintzat EAJren zinegotzi dabil Zarauzko udalean. Halaber egiaztatzen da iragarki horretan Marina Lertxundi arkitektoak jardun zuela haien ordezkari (anaiarik ez badu ere EH-Bilduko zinegotzi; hori gezurra zen).
Deigarria egiten da, halaber, Amezti baserria berreraikitzeko baimen batekin zeharo etxe berri bat baserritik ezin urrunago egitea, baina tira. Zer komentatua mereziko du horrek aurrerago ere.
Ezin izan genuen argitu bereganatu duten bidea herribidea den ala ez; berena baldin badute paperak, eskriturak eta mantentze-lanen fakturak aurkeztea ez zaie kostatuko noski. Herribidea bada, ez dute halakorik izango. Udalen batek edo Aldundiak ordainduak badira mantentze-lan horiek, lapurreta egina dukete sustatzaileek zalantzarik gabe.
Aiako Arau Subsidiarioak, ordea, guztion eskura daude Udalaren beraren webgunean. Zer diote, beraz, Aiako Arau Subsidiarioek, aiarrek berek beren buruari ezarriak?
Hurrengo entregetako gaia izango dugu hori. Saiatuko gara azaltzen, alde batetik, ez dagoela hor etxerik egiteko eskubiderik, eta, bestetik, ez dagoela horrelako proiektu konkretua ere baimentzerik. Halaber saiatuko gara azaltzen zernolako azpikeriatan ibili diren sustatzaileak eta zer erantzukizun duten Aiako udalak, Aiako udal-arkitektoak eta proiektua diseinatu duen arkitektoak berak ere. Eta halaber azalduko dugu beste herri-administrazioren utzikeria ere.








































