Arau Subsidiarioak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak
Arau Subsidiarioak etiketadun mezuak erakusten. Erakutsi mezu guztiak

2015(e)ko maiatzaren 28(a), osteguna

1. Talaimendi: eraikuntza, Cosa Nostra eta EAJ berriz ere saltsan

Aurtengo udaberrian ikusi genuen gehienok Talaimendi tontorrean ezerezetik sortutako etxe erraldoia, garabi eta guzti. Hiru alturako bloke handi bat, jata inguruan den puntu ikusgarrienaren erdian jarrita.



Ingurua Aiako udal barrutian dago, Oriotik eta Zarauztik gertuago egonagatik ere. Norbaitek kontua salatu nahian El Diario Vascora bidali zuen argazkia eta komentario batzuk ere egin zituen. 'Fotodenuncias' ataldean ipini zuen, herritarrek legez kanpoko kontuak sala zitzaten (ustez) DVk propio sortutako atalean, hain zuzen. Bisitariek ere egin zituzten beren ekarpenak... harik eta 16 esku-hartzeren eta 24 orduren bueltan, El Diario Vascok informazioa zentsuratu zuen arte.



Agi denez, arriskutsua irudituko zitzaien. Beren interesen kontrakoa nonbait. Zer zela eta? Ikus dezagun ba!

El Diario Vascoko informazioa zentsuratu aurretik, jendeak hau esan zuen, besteak beste:
  • Proiektua Aiako Arau Subsidiarioen kontrakoa zela
  • Sustatzaileek herribide bat itxi eta bidegabe bereganatu zutela
  • Bidea bereganatu ez ezik, zabaldu ere egin zutela eta arketa batzuk ere jarriak zituztela.
  • Zarauzko udalaren seinale bat bidegabe eta ordaindu gabe erabiltzen ari zirela
  • Babesa Suzairen seinale bat bidegabe erabiltzen ari zirela
  • Tokia bideoz zaintzen ari direla zioen seinale bat bidegabe erabiltzen ari zirela
  • Lursaila itxitura batez itxi zutela
  • Zarauzko zinegotzi jeltzale bat zela obraren sustatzailea
  • Arkitektoa EH-Bilduren zinegotzi baten arreba zela.
Bertara joanda, deigarri egiten da etxearen kokapena, goiko kanpinaren eta Amesti baserriaren artean. Bestetik, hainbat kontu aise egiaztatu ahal izan genuen:

a) baietz, bidea itxi eta bereganatu egin dutela.



b) baietz, Zarauzko udalaren plaka bat zegoela jarrita, hura Aia izanik (!). Aian erabiltzea gora-behera, Zarauzko Udalean adierazi digute sustatzaileek ez dutela plaka horrek babesten duen pasabidea ez eskatu, ez ordaindu. Lapurtua da beraz, eta bidegabe ari dira erabiltzen. Edozeinek aparka dezake beraz han.



c) Baietz, Babesa Suzairen plaka bat ere bazela han. Erregistro zenbakiak erantzunen bat argi lezake noski, horrelakoak araututa baitaude. Herritarren eskubideen kontrako ekintza da hori. Jakin dugunez, plaka hori ere jabearen (Babesa Suzairen) baimenik gabe jarria zen.



d) Baietz, bidea zabaldu egin dutela, eta zabaldu ez ezik, betelana ere egin dutela materiala mendian barreiatuta.




e) baietz, arketak egin dituztela



f) Baietz, lursaila metalezko ixitura batez inguratu dutela.




Sustatzailea Zarauzko zinegotzi jeltzale bat zela, tira, ez genuen han egiaztatu noski. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak, ordea, hau argitaratu zuen 2012-10-01ean:


...eta bai, Garrastazuren oinordeko horietako bat behintzat EAJren zinegotzi dabil Zarauzko udalean. Halaber egiaztatzen da iragarki horretan Marina Lertxundi arkitektoak jardun zuela haien ordezkari (anaiarik ez badu ere EH-Bilduko zinegotzi; hori gezurra zen).

Deigarria egiten da, halaber, Amezti baserria berreraikitzeko baimen batekin zeharo etxe berri bat baserritik ezin urrunago egitea, baina tira. Zer komentatua mereziko du horrek aurrerago ere.

Ezin izan genuen argitu bereganatu duten bidea herribidea den ala ez; berena baldin badute paperak, eskriturak eta mantentze-lanen fakturak aurkeztea ez zaie kostatuko noski. Herribidea bada, ez dute halakorik izango. Udalen batek edo Aldundiak ordainduak badira mantentze-lan horiek, lapurreta egina dukete sustatzaileek zalantzarik gabe.

Aiako Arau Subsidiarioak, ordea, guztion eskura daude Udalaren beraren webgunean. Zer diote, beraz, Aiako Arau Subsidiarioek, aiarrek berek beren buruari ezarriak?

Hurrengo entregetako gaia izango dugu hori. Saiatuko gara azaltzen, alde batetik, ez dagoela hor etxerik egiteko eskubiderik, eta, bestetik, ez dagoela horrelako proiektu konkretua ere baimentzerik. Halaber saiatuko gara azaltzen zernolako azpikeriatan ibili diren sustatzaileak eta zer erantzukizun duten Aiako udalak, Aiako udal-arkitektoak eta proiektua diseinatu duen arkitektoak berak ere. Eta halaber azalduko dugu beste herri-administrazioren utzikeria ere.


2015(e)ko maiatzaren 27(a), asteazkena

2. Zer diote Aiako Arau Subsidiarioek?


Aiako Arau Subsidiarioak 2009an onetsi zituen hango udalak eta bere webgunean esekita dauzka, denon ikusgai:

www.aiako.com/eu/html/




Nola dago sailkatuta lur hori?

Mapa honetan ageri da: Clasificación global del suelo y calificación de suelo no urbanizable




Beraz, 'Babes arrunt bereziko landa-eremua' da hura, eta gainera 'korridore ekologiko' gisa dago sailkatuta.

Eta zer egin daiteke hor?

Hara zer dioten Arauek:



Beraz, alde batetik, ez dago lursail horretan itxiturarik egiterik, fauna basatiaren mugimendua galarazi egiten baitute. EGIN DUTEN ITXITURA LEGEAREN KONTRAKOA DA ZEHARO.

Gainerakoan, honek ez dio aparteko mugarik gehitzen lurraldearen izaeraren ondorioz Arau Subsidiarioek ezartzen dutenari. Alegia, Babes arrunt bereziko landa-eremu izateagarik Arau Subsidiarioek ezartzen dutenari. Honi, hain zuzen:



Hona iritsita dagoeneko hasiak gara kutsu berezia hartzen kontu honi guztiari.

"SE PROHÍBE CUALQUIER TIPO DE NUEVA EDIFICACIÓN, si bien se consolidan los edificios que cumplan con lo establecido en el art. 64 de las presentes Ordenanzas."

"ERAIKUNTZA BERRIAK DEBEKATUAK DAUDE EDOZEIN MOTATAKOAK DIRELARIK ERE. Alabaina, ordenantza hauetako 64. artikuluan ezarritako baldintzak betetzen dituzten eraikinak finkatu egingo dira"

Tira, baliteke hori izatea kasua. Beteko al du eraikin honek 64. artikuluak dioena? Baina alto! Zertan ari gara? Eraikin bat finkatzeko aldez aurretik existitu beharko du, eta etxe hau berria da, beraz aurreikuspen hori ezin zaio aplikatu. Gehienez ere erorita zegoen baserri zaharra finkatuko zen.

Nola zegoen Amezti 2009an? Betetzen al zituen finkatzeko baldintzak? Eta, finkatuagatik ere, berreraikitzeko moduan al zegoen? Argi izan behar da erorita eta teilaturik gabe zegoen etxe hura finkatu ezean, ez dagoela etxe berririk inola egiterik lursail horretan. Eta hala ere, finkatu izanak ez du automatikoki ematen eraikin berri bat egiteko eskubidea.

Halaber, egoitza-erabilerak sendotu egingo dira baldin eta lehendik --dokumentua indarrean hasteko unean hain zuzen-- baldintza horiek berak betetzen baziren. Hori ote da kasua?

Ea ba! Begira dezagun zer dioen 64. artikuluak.


3. Nola egon behar zuen Amezti baserriak 2009an...?

...gaur egun berreraiki ahal izateko? Eta nola zegoen benetan Amezti 2009an? Betetzen al zituen finkatzeko baldintzak? Eta, finkatuagatik ere, berreraikitzeko moduan al zegoen? Argi izan behar da erorita eta teilaturik gabe zegoen etxe hura finkatu ezean, ez dagoela etxe berririk inola egiterik lursail horretan. Eta hala ere, finkatu izanak ez du automatikoki ematen eraikin berri bat egiteko eskubidea.

Ea ba! Begira dezagun zer dioen 64. artikuluak.


Ikus dezagun. Amezti baserria 2009an zegoen bezala egonik, finkaturik geratuko zatekeen baldin eta halako baldintzak betetzen bazituen erabilerari, solairuan hartzen duten azalerari, bolumenari, altuerari eta gainerako hirigintza parametroei dagokienez. Ondo erreparatu 'eta' juntagailu kopulatiboari, oso garrantzitsua baita, ikusiko dugunez.

Bestela, antolamenduz kanpo geratua zatekeen. Honek esan nahi du existituko ez balitz bezala jokatu beharko dela, kasu horretan; alegia, mendian etxerik ez balego bezala.

Artikuluaren bigarren paragrafoa (Eraikin horietan gauzatzen den jarduketa oro, proiektu
honetan jasotako xedapenetara egokitu beharko da), beraz, finkatzen diren eraikinei baizik ez zaie aplikatzen.

Lehendik dauden egoitza-erabilera finkatuta ere, ez dago eraikin horiek eraberritzerik ez handitzerik, ez bada bi kasu hauetako bat ematen: edo (a) eraikina kasuan kasuko zonako erabilera sustatuei edo onargarriei lotuta egoteagatik dagoeneko handitzeko baimena emana izatea, edo (b) eraikinaren ezaugarri bereziak direla-eta ordenantza hauen arabera hura handitzea onargarria izatea.

Bestetik, berariaz jotzen dira antolamendutik kanpo etxebizitzaz bestelako erabilera baterako baimen baten bitartez eraiki, eraberritu edo birgaituak izan diren bizileku-erabilera duten eraikinak, eta arau honek ez du salbuespenik. Alegia, baldin eta frogatzen bada Amezti baserria bestelako baimen bati esker eraiki dela edo inoiz eraberritu edo birgaitua dela, antolamendutik kanpo legoke.

Kontuan izan zer ulertu behar den egoitza-erabileratzat. Arauek berek definitzen dute:



Alegia, eraikina etxebizitza gisa erabiltzea.

Beraz, 2009an Ameztin inor ez bazen bizi, edo nezkazaritza edo abelzaintza-erabilerarik ez bazuen, edota etxeak ez bazituen betetzen bete beharreko baldintza fisiko guztiak, ezinezkoa litzateke hura finkatzea eta, horren ondorioz, gerora berreraikitzeko, handitzeko edo birgaitzeko baimena legez ematea. Eta finkatuta ere, eraikina eraberritzkeo edo handitzeko (ez berreraikitzeko!), zonako erabilera sustatuei edo onargarriei lotuta egon behar luke eraikinak, edo bestela haren ezaugarri bereziak direla-eta ordenantza hauen arabera hura handitzea onargarria izan behar luke.

4. Nola zegoen benetan Amezti 2009an?

Ameztiko lursailean etxe berri bat egin ahal izateko, 2009an --Aiako Arau Subsidiarioak indarrean hasi ziren unean, hain zuzen-- horretarako eskubidea ematen duen aurretiko beste eraikinak (jatorrizko baserriak, alegia) finkatzeko baldintzak beteak behar zituen.

Tira, zer baldintza fisiko bete behar zituen eraikinak finkatu ahal izateko? Bada, 64. artikuluak aipatzen dituen GUZTIAK:


Lur eremu hiritarrezinaren barruan dauden eraikin guztiak gaur egungo egoeran finkatuko dira, baldin eta honako ordenantza hauetan ezarritako irizpideak betetzen badituzte (erabilerari, solairuan hartzen duten azalerari, bolumenari, altuerari eta gainerako hirigintza parametroei dagokienez). Baina, dena den, ezin izango dira eraberritu edota handitu, kasuan kasuko zonako erabilera sustatuei edo onargarriei lotuak egoteagatik, handitzeko baimena dutenak izan ezik, edota eraikinak izan ditzakeen ezaugarri bereziengatik, ordenantza hauen arabera onar daitezkeen handitzeak izan ezik.

Gagozkion paragrafoaren aurreneko zatiari eta azter ditzagun baldintzak:

Erabilera: Eraikinak ez zuen ez egoitza-erabilerarik, ez nekazaritza edo abeltzaintza-erabilerarik. Ez zuen baldintza betetzen.
Azalera: plantan 300 m2-koa baino txikiagoa izan behar zuen, eta 200 m2-koa zuen. betetzen zuen baldintza,
Bolumena: 25×25×9 metroko paralelepipedo baten barruan sartzeko modukoa izan behar zuen. Plantari dagokionez, betetzen du baldintza, baina altueraren balioa ezezaguna zaigu.
Altuera: Ez dakigu zenbatekoa zen. Gipuzkoako Foru Aldundiaren 2009ko airetiko argazki honetan ikus daitekeenez, etxeak hiru solairu zituen eta, balioa mugatik gertu egongo bazen ere, ez dago esaterik hura gainditzen zuenik.
Ordenanatza hauetako gainerako hirigintza-parametroak: Zein dira parametro horiek? Arau Subsidiarioek 3.3.1 atalean xedatzen dute Lurzoru hiritarrezinean oro har aplikatzekoak diren baldintzak, eta horien artean, 51. artikuluan, Hirigintza-parametroak. Hauxe dio artikulu horrek:




Baina 3.2 epigrafeak 36 artikulutan luzatzen da, eta hainbat erregimen desberdin ezartzen du.

(...............)

Labur esanda: baldintza horiek guztiak bete behar zituen Ameztik 2009an finkatuko bazen, eta ez zituen betetzen. Hala ere, finkatuta ere ez legoke baserria eraberritzerik, ez handitzerik, non eta ez zen bertan baimendutako zein sustatutako erabilerei lotuta egoteagatik baimentzeko modukoa

Ez dakigu Amezti baserri zaharra finkatzearen ala ez finkatzearen inguruan berariazko erabakirik hartu den inoiz propio, ez dugu konstantziarik. Alabaina, Aldundiaren zerbitzu kartografikoaren irudietan zerbait argitu genezake etxearen egoera fisikoaren inguruan eta, hala, zerbait jakin genezake finkatzeko bete behar zituen baldintzak betetzen ote zituen argitzeko.

Beste informazio batzuk hainbat erregistrotan daude, baina ez dugu lortzerik izan. Gipuzkoan bada Gipuzkoako lurralde historikoko nekazaritza ustiategien errolda izeneko erregistro publiko bat, baina hango informazioa ukatu egin digute. Ez dakigu, beraz, 2000-2009 denbora-tartean Amezti baserrian jarduera primariorik gauzatu den, baiezkoan zein, inor bizi izan ote den...

Informazio hori bera Aldundiko Ogasun sailak eman lezake: izan al da inor bizitzen Ameztin? Gauzatu al da jarduera ekonomikorik bertan denbora-tarte horretan? Edo Aiako udalean: inor egon al da erroldatuta Ameztin? Edota Iberdrola, Telefonica, Euskaltel eta Gipuzkoako Urak enpresetan: izan al da ur, telefono edo energia-kontsumorik Ameztin? Zenbatekoa? Han jarduera bat gauzatu dela iradokitzeko adinakoa?


2001ean eta 2002an, Ameztik osorik zeukan artean teilatua, baina 2004rako jabeek erortzen utzia zuten, legea urratuta. Erreparatu argazki-serie honi (Gipuzkoako Foru Aldundiaren lurralde-informazio sailarenak dira). Irudi bakoitzaren urtea ezker aldean ageri da.



2001


2002


2004


2005


2006


2007


2008


2009


2010


2011


2012


2013


2014



Erreparatu, halaber, 2007ko eta 2009ko aire-argazki hauei. Ezin argiago hautematen da etxearen inguru osoa sasiak eta garoak hartuta dagoela, sarrerak eta atariak ez direla erabiltzen eta ez dagoela bertara sartzen edo bertatik ateratzen den biderik.










Beraz, nekez argudiatu daiteke eraikin horrek erabilera zuenik, ez 2009an, ez bost urte lehenago ere. Ez etxebizitza gisa, ez nekazaritzako edo abeltzaintzako azpiegitura gisa.

Beraz ez zituen betetzen 64. artikuluak ezarritako salbuespenezko baldintzak, eta 11. artikuluak ezarritako debeku orokorrak agintzen zuen. Alegia:

D.20. Zona Rural de Especial Protección.
Se incluyen en este apartado todos aquellos suelos que por sus valores paisajísticos, históricos y culturales, o para la defensa de la fauna, la flora o el equilibrio ecológico deban protegerse.

D.21. Zona Rural de Especial Protección Ordinaria.
En el caso de Aia estas zonas se corresponden con:
—Los lic incluidos en la Red Natura 2000.
—Zona adyacente al Biotopo Protegido de Iñurritza.
—Zona Periférica de Protección adyacente a la del Biotopo Protegido de Iñurritza.
—Marismas de la Ría de Orio.
— Áreas de mejora de ecosistemas del pts de Zonas Húmedas.

* Régimen de edificación:
Se prohíbe cualquier tipo de nueva edificación, si bien se consolidan los edificios que cumplan con lo establecido en el art. 64 de las presentes Ordenanzas.

* Régimen de uso:
—Usos propiciados: Usos de conservación activa y mejora ambiental.
—Usos admisibles: Usos ganaderos extensivos.—Usos forestales de protección.
—Uso de ocio y esparcimiento.
—Uso de instalaciones técnicas de servicios de carácter no lineal Tipo b).
—Se consolidan los usos residenciales existentes a la entrada en vigor del presente documento que cumplan con lo establecido en el art. 64.
—Usos hoteleros y comerciales en las condiciones establecidas en el art. 87.
—Usos prohibidos: Los no incluidos en las modalidades anteriores.

Alegia, lursail horretan zerbait 'berreraikitzeko' eskubidea izatekotan, ganadurako pabiloi bat egiteko litzateke, inola ere ez etxebizitza-eraikin  bat.

Hori alde batetik.

5. Zer erabilera zuen Ameztik 2009an?

Lursailean bizitzeko eraikin berri bat egiteko edo zaharra berreraikitzeko edo birgaitzeko eskubidea dagoen erabakitzeko, aurrena aztertu behar da, aurreko ataletan aztertutako kontuez gain, lursaileko eraikinetan biziotzeko erabilerarik izan den. Ganadurako barrakoi batzuk egoteak ez du eskubiderik ematen etxebizitza berriak egiteko.

Aiako Arau Subsidiarioek ondo definitzen dute terminologia :

—Nekazaritza jardueratzat hartzen dira basogintzakoak ez diren landare baliabideen laborantzarekin zuzenean lotutakoak, guztiz edo hein batean profesionalizatutako pertsonek garatutakoak, horretan sartuz lurra behar bezala prestatzea laboreak lortu eta biltzeko eta uzta bereizi eta sailkatzeko, gerora biltegian gorde edo kontsumorako garraiatuko diren moduan. Era berean, jarduera horien barruan sartzen dira ura ekartzeko eta ureztaketa sistemen bidez lurrari etekin handia ateratzeko behar diren eragiketak eta, oro har, nekazaritza hobetzeko xedez landa-lurreko azpiegiturak ezartzera bideratutako obrak. Honetan sartzen dira, halaber, erabilera honetako ustiaketarekin zuzen-zuzenean lotuta dagoen nekazariaren eta bere familiaren bizilekurako etxeak eta nekazal turismokoak.

Kontzeptu horretan biltzen dira bai aire zabalean gauzatzen diren nekazaritza jarduerak, bai leku estalian gauzatzen direnak: Negutegiak, hau da, instalazio iraunkorrak, sarbide errazekoak eta laboreak bizkortu edo babesteko itxituraz hornituak, bertan laboreen zikloetako fase guztiak edo batzuk gara daitezen; eta lore zein landare mintegiak, landaketa lursailean bertan egiten ez bada.

Honetan sartzen dira, halaber, nekazaritzako tresnak eta lanabesak eta nekazaritzako produktuak gordetzera eta zaintzera bideratutako eraikuntzak; nekazaritza produktuen ekoizpen, erauzketa, sailkapen, bilketa eta lehortze jarduerak; ekoizpenak lekuan bertan zuzenean saltzea eta berorien artisauzko 1. eraldaketa; eta ureztaketak eskatzen dituen obrak eta instalazioak jartzea. Baita nekazaritzako produktuak biltzeko terrazak eta zabaluneak ere.

—Abeltzaintzako jardueratzat hartzen dira orotariko ganadua hazteari lotutakoak, bai ustiaketa estentsiboak bai intentsiboak, hala nola larrugintzarako animaliak hazten dituzten granjak eta espezie zinegetikoen ekoizpena, eta baita larreak eta bazka laboreak lortzeko lurra prestatzea eta artzaintza ere. Bi kategoria bereizten dira:

* Lurraren baliabideei lotutako abelazkuntza: Ganaduaren gobernuak behar duen bazkarik gehiena ustiategian bertan ekoizten duena (ustiaketa estentsiboa).

* Lurraren baliabideei lotu gabeko abelazkuntza: Ganaduak, ustiategiaz kanpo egindako pentsua kontsumitzen duen hura (abelazkuntza intentsiboa). Honetan sartzen dira, halaber, erabilera honetako ustiaketarekin zuzen-zuzenean lotuta dagoen nekazariaren eta bere familiaren bizilekurako etxeak, familia bakarrekoak zein bikoak, eta nekazal turismokoak.

Abeltzaintzako ustiaketa estentsibo zein intentsiboarekin lotutako eraikuntzak onartuko dira. Baita abelazkuntzako produktuen lehen eraldaketara bideratutako nekazaritza jarduerarekin lotutako eraikuntzak eta instalazioak ere; esate baterako, gaztandegiak eta gainerako produktu tipikoak, haragikiak, hestebeteak eta ahatekiak egitea, eztia ontziratzea eta gainerako hegazti ekoizkinak.



Erregistroen erantzun eza
Informazio eprtsonala

Irudietan ganadu buru bakar bat ere ez dela ikusten
Amezti baserria ez da erabiltzen ez etxebizitza gisa, ez abereak gordetzeko ere.
Lursailean ez dela nekazaritza-jarduerarik egiten; gehienez ere sasia kendu dute.

6. Bidea dela eta

Esan bezala, jabeek herribide bat bereganatu dute, egitate-bidez eta (barka bekigu hitz-jokoa) bidegabe. Lursaila itxi dute, eta, lurrarekin batera, bidea bera.

Diote bide hori patikularra dela beren etxera baizik ez duelako zerbitzurik ematen, ez dela beste inora joateko bidea. Ez dute aipatzen ez eskritura publikoan beren izenean ageri den, ez beren kontura konpondu duten ala ez, ez eta berek egin duten haren mantentze-lana ere.

Ez noski, ez baita egia berena dutenik.

Garai batean bide horrek Talaimendi (Beastegi) alderik alde igarotzeko balio zuen, Berazaditik eta Amezti Zaharretik Oriobaztarreraino, Ameztin barrena. 1966ko eta 1969ko planoetan gurdibide gisa ageri zen.


1966. Gipuzkoako Foru Aldundiaren kartografia

1969. Gipuzkoako Foru Aldundiaren kartografia

1985ean ere, oraindik zabalik zen ekialdeko zatia, orduko ortofotoan argi ikus daitekeenez:

1985. Gipuzkoako Foru Aldundiaren kartografia

Eta gaur egun ere, oso hartuta eta itxita egonagatik ere, han segitzen du bideak, mendizaleek ondo dakitenez. Argi dago motordun ibilgailuen erabilera zabaldu zenean hasi zela ekialdeko zatiaren gainbehera, bestea baino dezentez malkartsuagoa baitzen, eta harrezkero laharrak hartzen eta hartzen aritu da. Horrek ordea, ez dakar berekin mendebaldeko zatia partikularra denik, inondik ere!

Udal guztiek izan behar dute beren udalerriko bideen inbentarioa. Aiakoak ere hala omen du; hango Arau Subsidiarioek behintzat hala diote. Argigarria izan liteke haren edukia. Ea zer dioskuten.

7. Itxitura dela eta

8. Zer dio Foru Aldundiak?

Bi eragile pribatuk(1) galdegin zioten Gipuzkoako Foru Aldundiari proiektuaren egokitasunari buruz. Aldundiak gaiari bi ikuspegitatik helduta erantzun zien.







(1) Haietako bat Vocento taldeko ordezkari bat izan zen. Gogoan izan El Diario Vasco egunkariak ezabatu egin zituela bere webgunetik irakurle batek igotako salaketa eta haren ondorengo aipamen guztiak. Igo eta 24 ordutara, hain juxtu. Hori maiatzaren 5ean izan zen. Deigarria da Vocentok handik 8 egunera idaztea Aldundiari, baina ez nonbait informazioa zabaltzeko asmotan, ez baitu hitzik ere argitaratu horri buruz. Bulego-arteko negoziazioetan erabiliko zuten noski informazioa. Hauteskunde-kanpainan zeuden artean...

9. Parapentistak haserre

10. Nolakoa da proiektua? Nolakoa lizentzia?

11. Nolakoa da benetan egiten ari diren etxea?


Bat dator fisikoki eraikitzen ari diren etxea jaso duten baimenean ezarritako kondizioekin? Ala horretan ere iruzur egin dute?



Erreparatu eskora (puntal) horiei eta zeri eusten dioten. Iruzur egiten ari dira horrekin, zeren sestra azpiko azalera sestra gainekoa baino handiagoa egiten ari baitira.


Iruzur egin dute halaber altuerari dagokionez, zeren argazkietan argiro hautematen denez, eraikinak hiru solairu ditu, ez bi. Soto gisa kolatu nahi duten hori ez da sotoa. Sotoa terrenoaren azpian behar du, eta solairu hori terrenoaren sestraren gainetik dago. Ez da onargarria gero lurrez estaltzea eta esatea terrenoa guk aldatzen dugun gauza bat dela. Ez jauna! Terrenoa esaten denean, terreno erreferentzia gisa erabiltzen da eta proiektuak ezin du bere komenientziara aldatu kontzeptua, bestela araua ez bailitzateke arau. Terrenoa mendiaren jatorrizko sestra da.
...

12. Zer dio Aiako Udalak?

13. Zer dio Zarauzko Udalak?

14. Zer dio Eusko Jaurlaritzak?

15. Zer dio zentzunak?

Zentzunak dio sekulako iruzurra dagoela.

Hasteko, GAOn argitaratutako iragarkia iruzurra zen, baimendu beharreko proiektua etxe berri bat eraikitzeko izanik, etxe zahar bat konpontzeko zela iragarri baitzen, eta herritarrak babesgabe utzi zituen horrek.

Iruzur hori egiteko gutxienez bi borondate, agian hiru, elkartu ziren, sustatzaileena (agian haien arkitektuarena ere bai), alde batetik, eta Aiako udaleko arkitektoarena, bestetik. Hirugarrena, jakina, udal arkitektoaren nagusiarena litzateke, Aiako alkatearena, alegia.

Aztergai dago, hala ere, proiektua erredakatatu zuen Marina Lertxundi arkitektoaren erantzukizuna: halako profesional batek ezinbestean aztertzen du proiektua kokatu behar den lurraldeari aplikagarriak zaizkion arau guztiak; ez da sinesgarria Lertxundik ez jakitea bere bezeroak iruzur egiten ari zirela. Are gehiago 'hasierako' kokapenean arazo geoteknikoak zirela zioen txostenik ez zegoela ikusirik.

Egin beharreko galdera nagusia, funtsezkoena, da ea zerk bultza lezakeen udal-langile bat txosten faltsu bat egitera, jakinik (kasualitatea!) txosten faltsu horri esker bere alkatearen kide politikoei mesede egiten ziela. Nekez sinets daiteke halako jokaera ilegal bat espontaneoa izatea eta presio politikorik nahiz bestelako tentaziorik gabe hartua izatea.

Horixe ikertu behar dute fiskalek eta epaileek, horretarako dituzte, hain zuzen, herritar xumeok ez bezalako prerrogatibak. Zantzu ugari dago pentsatzeko eroskeria kasu baten aurrean gaudela.